Gernika bonbardatu zutela 75 urte bete dira gaur. Martxoaren 31n bete ziren 75 Durango bonbardatu zutenetik. Horren ostean Elgetako eta Eibarko bonbardaketak gertatu ziren, eta baita beste hainbat herritakoak ere. Gertaera lazgarri horiek gogoratzeko ekimenak egiten ari dira herriotan. Testuinguru horretan kokatzen da 1937. Bizitzak eta bonbak liburua, BBK Fundazioak argitaratua, "Bizkaiko gaiak" bilduman. Liburuak Bernardo Atxaga, José Fernández de la Sota, Miguel Angel González San Martín eta Ignacio Martínez de Pisón idazleen lanak bildu ditu.
Gernika-Lumoko Udalak eta Euskaltzaindiak babestu dute euskarazko edizioa, eta Xabier Kintana euskaltzainak Fernández de la Sota, González San Martín eta Martínez de Pisón egileen testuak euskaratu ditu. Atzo, apirilaren 25ean, bonbardaketaren urteurrenaren bezperan, Gernikan aurkeztu zuten Bernardo Atxaga eta Ignacio Martínez de Pisón idazleek, Jose Mari Gorroño alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.
BBK Fundazioak dioenez, "Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenean, Bizkaiko beste hogeita hamar baino gehiago herrirenekin batera gertatua, BBK Fundazioak lau idazleri dei egin die, literaturazko fikzioaren leihotik 1937. urteko udaberri hartara begira jar daitezen, gerra zibil bete-betean nazien edo italiar faxisten hegazkinek herritar zibil babesgabearen aurka milaka kilo bonba jaurtitzen zituztenean".
Ignacio Martínez de Pisónek Hombres de paz (Bake-gizonak) ipuina idatzi du; José Fernández de la Sotak El sueño de los justos (Zuzenen loa); Bernardo Atxagak Ama Eibarren dago; eta Miguel Angel González San Martínek De barcos y aviones (Itsasontzi eta hegazkinei buruz) kontakizuna.