Ahozko Tradiziozko Hizkeren Corpusa (ATHC) egitasmoko kideak -Adolfo Arejita zuzendaria eta Aritz Abaroa teknikaria- Iparraldean aritu dira lanean azken bolada honetan, izan ere, euskararen guneetako norbanakoei grabaketak egiteaz aparte, egitasmoak Akademiako kideen historia eta istorioak biltzeko asmoa ere txertatu du bere helburuen artean.
Akademiaren eta bertako kideen historia bizia ahoz batu, landu eta gorde nahi dute ATHCean eta lan horren lehenengo urratsak Iparraldean eman dituzte. Piarres Xarritonekin hasi, Emile Larrerekin jarraitu, ondoren Jean Louis Davantekin eta azkenik Txomin Peillenekin aritu dira hainbat ordutako solasaldiak grabatuz eta balio historiko eta linguistiko handia duten materialak bilduz.
Egitasmoa lantzen ari den bide berri hau plan zabalago baten barruan kokatu behar da: Euskaltzaindiaren kide, laguntzaile eta euskarari atxikiak diren protagonisten lekukotasun biziak sakontasunez biltzea.
Ahozko tradiziozko hizkeren corpusa egiteak eskaintzen duen zabaltasuna aprobetxatuz, euskara, euskalgintza eta Euskaltzaindiarekin zerikusia duen ildo berri bat ireki nahi izan du egitasmoak, beti ere, aurretik zabalduriko bideak ere lantzen direla: euskararen eremuko leku hiztun egokien testigantzak batzea.