Euskera agerkariaren 2010eko 3. zenbakiaren edukiak, Azkue bibliotekan katalogatu eta indexatu ostean, Euskaltzaindiaren webguneko Euskera agerkariaren hemerotekan integratu dira.
Euskera 2010, 55, 3 liburuak Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa biltzen du. Hauek dira gai nagusiak: Xarles Videgain euskaltzainaren sarrera-ekitaldia, Jean Martin Hiribarrenen omenez eta Fernando Artola "Bordari" omentzeko egin ziren jardunaldiak -Azkainen eta Hondarribian, hurrenez hurren-, Atarrabian, Nafarroa Oinez zela eta Euskaltzaindiak egin zuen ageriko bilkura, edota Zarauzko Frantziskotarren 400. urteurrena ospatzeko burutu zena. Jorge Cortes Izalen eta Xabier Leteren omenezko hilberri txostenak ere irakur daitezke. Bestalde, Onomastika arloari dagozkion irizpen batzuk jaso dira liburuan, besteak beste.
Euskera agerkarian biltzen diren artikulu guztiak, Euskaltzaindiaren webgunetik landa, Inguma, ISOC eta Dialnet datu-baseetan ere jasotzen dira. Datu-base hauetan, agerkariaren aurreko zenbakietan, egile jakinek idatzi eta ikerketa lantzat har daitezkeen edukiak ere aurki daitezke.