Gaur, apirilaren 11n, hasiera emango zaio Koldo Mitxelena Katedrari, Chicagoko Unibertsitatean. Miren Lourdes Oñederra hizkuntzalari eta euskaltzainak inauguratuko du Katedra, bera izango baita bertan arituko den lehen irakaslea. Katedra Etxepare Institutuak bultzatu du. Oñederrak hiru hileko egonaldia egingo du han, “Basque sound Patterns" (Euskararen hots-ereduak) izeneko ikastaroa ematen. Ikastaro horrek doktoretza maila du, eta euskararen fonologia izango du ardatza; hala bada, bai euskal fonologiaren ezaugarri nagusiak, bai eta euskalkiei dagozkien bereizgarriak ere, aztertuko ditu. Katedraren inaugurazio ofiziala gaur egingo bada ere, hilaren 9tik 22ra bitartean, hainbat ekitaldi egingo dira Unibertsitatean.
Hauxe da Etxepare Institutuak martxan jarriko duen bigarren katedra. 2011ko irailean euskal letrei buruzko Bernardo Atxaga katedra zabaldu zen CUNY (City University Of New York) New York Hiriko Unibertsitateko Graduatu Zentroan.