Bihar, martxoaren 13an, hasiko dira Madrilen "Euskarari gorazarre" jardunaldiak. Euskaltzaindiak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatuak, jardunaldi horiek hilaren 15era bitartean egingo dira eta hauxe izango dute helburu: Madrilen euskarari gorazarre egitea, azken urteotan euskalgintzan eman diren aurrerapausoak nabarmenduz, etorkizun handiko hizkuntza dela erakutsiz eta hizkuntzalaritzan eta literaturan goi-mailako emaitzak ematen ari dela adieraziz. Horrela adierazi zuten antolatzaileek, otsailaren 29an Madrilen egin zuten aurkezpenean.
Hitzaldiak ez ezik, bestelako ekitaldiak ere izango dira Jardunaldietan. Hala, Henrike Knörr eta Pedro de Irizar omenduak izango dira hilaren 14an eta 15ean, hurrenez hurren; ostegunean, Bernardo Atxagak eta Jabier Muguruzak Katuak eta paradisua emanaldi artistikoa eskainiko dute; eta asteazkenean lau euskal idazlek -Mariasun Landak, Arantxa Urretabizkaiak, Eider Rodriguezek eta Miren Agur Meabek- mahai-inguru bat egingo dute.
Bestalde, martxoaren 16an Etxepare Euskal Institutuak AT! ikuskizunaren bertsio gaurkotua eskainiko du.