Otsailaren 25ean, Aiarako mapa toponimikoa aurkeztu zen udalerriko Udaletxean, Arespalditzan. Lanak 1.700-1.800 toponimo biltzen ditu. Aurkezpenean Josu Artetxe Aiarako alkatea, Aitziber Alaba zinegotzia, Mirari Alberdi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Estandarizazio teknikaria, Felix Mugurutza Onomastika batzordekide eta lanaren egilea eta Mikel Gorrotxategi Onomastika batzordeko idazkaria izan ziren. Dunba enpresak egin du mapa.
Bestalde, martxoaren 1ean, Elgoibarko mapa toponimikoa aurkeztu zen, Udaletxean. Alfredo Etxeberria alkateak, Ane Beitia Euskara zinegotziak eta Lorea Dueñas Geograma enpresako teknikariak egin zuten aurkezpena, eta eurekin batera hauek izan ziren: ikerketa egin duten Nerea Alaba eta Amaia Pinacho eta Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko idazkari eta lanaren tutorea. Mapa lau ataletan banaturik dago: herriko ortoargazkia, kaleen planoa, mapa toponimikoa eta leku-izenen zerrenda. Ikerketan jasotako izen guztiak 2.300 inguru izan dira, baina leku-izen garrantzitsuenak, 800 inguru, jaso dira mapan.