Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) III. liburukia sarean jarri du Euskaltzaindiak, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke. Liburuki horretan 271 kontzeptu bildu eta landu dira, guztiak lexikoari buruzkoak, eta bi multzotan jaso dira: batetik, lurretik erne eta hazten diren landare eta fruituen ingurukoei buruzkoa, eta bestetik etxe-abereei buruzkoa.
Lurraren atalean, besteak beste, landare txikiak lantzen dira, bai eta fruitu eta fruitu-arbolak, fruitu-mota batzuen azalen izenak, barazkiak edota belar mota ezagunenak ere. Bigarren multzo nagusia etxe-abereei buruzkoa da, baina animalion izenak bere soilean bilduz gainera, ar-eme eta adinaren araberako izenak ere jaso dira; baita euren gorputz atalak, janari-prozesuak, produkzio-emaitzak, egoitzak, eritasun-sendabideak, euren inguruko jardun-lanak ere bildu dira, hau da, etxe-abereen inguruko prozesu osoari buruzko izendapenak.
EHHA Euskadiko Kutxaren babesaz argitaratzen ari da Akademia. Hirugarrena ez ezik, aurreko bi liburukiak ere sarean kontsulta daitezke.