Datorren asteartean, urtarrilaren 24an, Euskaltzaindiak Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa liburua aurkeztuko du Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean, goizeko 11:30ean. Liburua Akademiak argitaratzen duen “Jagon” bildumaren 14. zenbakia da eta Euskaltzaindiaren Corpus batzordeak landu du, Pello Esnal batzordekideak koordinatu duelarik.
2008an, Euskaltzaindiak Testu-antolatzaileak. Erabilera estrategikoa liburua plazaratu zuen. Euskararen egokitasuna bermatze aldera, lan horretan testu-antolatzaileak zehaztu eta sailkatu ziren, helburu bati begira: testu-antolatzaileen erabilera estrategikoa. Hain zuzen ere, liburu haren harian eta haren osagarri dator orain Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa, hark urratutako bidean aurrera egitera, alegia.
Hala, Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa honek -2008an argitaratutakoak bezala- estrategiak ditu ardatz. Izan ere, hizkuntzaren erabileran dena ez da arau gramatikala betetzea. Behin arau gramatikalak betez gero, eremu handi batean aurkitzen da hizkuntza-erabiltzailea. Honek egokien iritzitako erabakiak hartuko ditu, askatasunez eta erantzukizunez jokatuz. Hain zuzen, erabakien mundura garamatzate estrategiek.
Liburuaren aurkibidea 34,30 Kb
Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa liburuan, estrategien ikuspegitik lantzen da, hain zuzen, euskararen hitz-ordena, hiru elementu jorratuz bereziki: 1) testu-antolatzaileak, 2) mintzagaia eta galdegaia, eta 3) erlatibozko esaldiak. Jakina denez, euskararen hitz-ordena izan da, XX. mendean zehar, euskararen aztertzaile eta arautzaileen gai eta kezka nagusietako bat.
Liburuaren abiapuntuan dago Koldo Mitxelenaren 1968ko txostena, honek Euskaltzaindiaren Arantzazuko biltzarrerako egina. Txosten horretan oinarrituz, ikuspegi eraberrituaz ulertzen ditu bai euskararen arazo eta korapiloak eta bai, hitz gutxitan esanda, tradizioek ondutako hitz-ordenak: nola SOA (subjektua, osagarriak, aditza) hala SAO (subjektua, aditza, osagarriak).