Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofizialaren edukiak eguneratu dira Dialnet-en. Une honetan, 1991 eta 2010 arteko 466 ikerketa artikuluren erreferentzia ematen da, eta Euskaltzaindiaren webguneari esteka eginez, aipatu artikulu guztien testu osoa ere eskura dago.
2011ko uztailean, Euskaltzaindiak eta Errioxako Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu zuten, Euskera agerkariaren prestigio eta ikusgarritasuna suspertzeko. Garai hartan agerkariko 2002-2009 bitarteko artikuluen erreferentzia ematen zen soilik. Jarraiko hilabeteetan, 1980 arteko edukiak bistaratzeko asmoa dago.
2010ean izan zuen eraberritze prozesuari esker, 2009ko zenbakietatik aurrera, Euskera agerkariak, ikerketa artikuluak propio behar dituzten egitura eta tratamendua eskaintzen dizkie argitaratutako guztiei. Aurreko zenbakiei dagokienez, egile jakinek idatzi eta ikerketa lantzat har daitezkeen edukiak bildu eta integratu dira Dialnet-en.
Dialnet, mundu hispanikoan, sarrera libre eta doanekoa eskaintzen duen atari bibliografiko garrantzitsuenetarikoa da. Bere helburu nagusia, Interneten, gizarte zientzia alorretako literatura zientifikoari ikusgarritasun handiena ematea da. Horretaz gain, datu-base zabal eta eguneratua eskaintzen du, testu osoko edukiak txertatzea ahalbidetzen duena.