Euskaltzaindiak parte hartu du azaroaren 17, 18 eta 19an Italiako iparraldean, Civitat / Cividale del Friule herrian burutu den Nomi, Luoghi, Identità. Toponomastica e Politiche Linguistiche (Izenak, lekuak, identitatea. Toponomastika eta hizkuntza politika) izen den kongresuan. Antolatzaileak Gruppo di Studio sulle Politiche Linguistiche (GSPL), Societa di Linguistica Italiana (SLI) eta Societa Filologica Friulana izan dira, Udineko Unibertsitatearen eta Regione autonoma Friuli Venezia Giuliaren laguntzarekin.
Joan den irailean, Bartzelonan egin zen "Izenak eguneroko bizitzan" izeneko ICOSen XXIV. kongresuan partaide izan ziren Italiako biltzarra antolatu dutenak. Hauek, bertan izan ziren Euskaltzaindiaren ordezkarien hitzaldiak entzun ostean, interesa erakutsi eta espresuki eskatu zioten Akademiari parte har zezan orain burutu berri den kongresuan. Hala bada, Mikel Gorrotxategi Nieto Onomastika batzordeko idazkaria hizlari izan da biltzarrean, eta "La normalización de la toponimia en el País Vasco, estado actual y problemas (políticos, sociales, lingüísticos...)" izeneko hitzaldia eman du.
Horretaz gain, Eslovenia, Katalunia, Maroko, Polonia, Servia eta Italiako ordezkari ugari ere egon dira bertan.
Hizlariak anitzak izan dira, batzuk administrazioetakoak, beste batzuk hizkuntza autoritateenak eta azkenik baziren unibertsitate desberdinetako ordezkariak ere
Kongresuan toponomastikaren arlo desberdinak landu dira, ardatz nagusia zen hizkuntza politikaz gain: leku izenak ondare kultural eta objektu juridikoa; nazioarteko legediak; estatu desberdinen barneko legediak; hizkuntza minorizatuen izenen estandarizazioa eta normalizazioa, bereziki Italian (frantsesa, alemana, probentzala, albanesa, eslovenoa, friulera); polimorfismo linguistikoak sortzen dituen edo sor ditzakeen arazoak eta egunerko bizitzako zailtasaun eta aterabideak.