Datorren larunbatean, urriaren 8an, Xabier Leteren omenezko kontzertua egingo da Bilbon, Euskalduna jauregian. Ekitaldia 20:00etan hasiko da eta, aurreko guztietan bezala, kantari eta musikariek ez ezik, poeta eta bertsolari ezagunek ere parte hartuko dute. Hauek izango dira Bilbon: Mikel Urdangarin, Antton Valverde, Pier Paul Berzaitz, Jabier Mugurutza, Amaia Zubiria, Anje Duhalde, Arantxa Irazusta, Petti, Erramun Martikorena, Alex Sardui, Kirmen Uribe, Hodei Etxarte, Unai Iturriaga eta Igor Elortza.
Artista horiekin batera, Karlos Gimenez piano-jotzailea, Joxan Goikoetxea teklatu-jotzailea, Francisco Herrero biolin-jotzailea, Luis Fernandez biolontxelo-jotzailea eta Txema Garces eta Xanet Arozena gitarra-jotzaileak ariko dira.
Kontzertua "Xabier Lete gogoan kantaldia" izeneko biraren barruan kokatzen da, Euskal Herriko hainbat lekutan burutzen ari dena. Hala, bada, Hondarribian, Oiartzunen, Arantzazun, Usurbilen, Iruñean eta Baionan egin dira dagoeneko Lete omentzeko ekitaldiak. Bilboko kontzertuaren ostean, birak Urnieta, Donibane Garazi, Gasteiz eta Donostia bisitatuko ditu. Bilbon arituko direnez gain, Paco Ibañez, Txomin Artola, Eñaut Elorrieta, Bernardo Atxaga eta Amets Arzallus parte hartzen ari dira bira horretan.
Bilboko emanaldia A&M Kultur Promotorak antolatzen du, eta Bizkaiko Foru Aldundia, Euskaltel, Argia, Antza eta Euskadiko Kutxa dira babesleak. Euskadi Irratia, Bizkaia Irratia eta Bilbo Hiria Irratia dira laguntzaileak.