R. M. Azkue Literatur Sarietarako deialdia egin dute Bilbao Bizkaia Kutxak eta Euskaltzaindiak. Urtero bezala, deialdia bi modalitatetan egin da, narrazioan eta olerkian. Modalitate bakoitzean bi maila izango dira: A maila, 11 eta 14 urte bitarteko gazteentzat; eta B maila, 15 eta 18 urte bitartekoentzat. R.M. Azkue Sariek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusia. Edizio berrirako lanak aurkezteko epea 2011ko abenduaren 16an amaituko da. Lanak helbide honetara bidali beharko dira: Euskaltzaindia. Plaza Barria, 15. 48005 Bilbo.
Sariketa hauetara euskaraz idatziriko edozein narrazio- edo olerki-lan aurkez daiteke. Arlo zein maila bietan, lan originalak eta argitaratu gabeak izango dira eta ez da onartuko beste lanen baten itzulpen edo moldaketarik, ezta beste nonbait saritutako lanik ere.
Lanek gutxieneko luzera izan beharko dute: narrazio arloan, A mailan, 2 folio, eta B mailan 4 folio. Olerkian, A mailan, 15 lerro izan beharko dituzte, eta B mailan 30 lerro. Lanarekin batera, gutun-azal itxi bat bidali beharko da. Azalean, lan mota, lanaren izenburua eta egilearen jaioteguna jarriko dira, eta, barruan, egilearen izen-deiturak, helbidea, telefono zenbakia, eta irakasle edo laguntzailearen eta ikastetxearen izenak.
Sariak
A zein B mailan eta narrazio zein olerki arloetan, sariak berberak izango dira. Irabazleek 300 euro jasoko dituzte, bigarren postuan sailkatu direnek 240 eta hirugarren egin dutenek 180 euro. Bestalde, lan saritu guztiak argitaratuko dira, liburu batean. Epaimahaikoen erabakiak 2012ko otsailaren 28a baino lehen iragarriko dira.
Comments