Bihar, irailaren 9an, hasiko dira New Yorken Bernardo Atxaga katedra inauguratzeko egingo diren ekitaldiak. Euskal letrei buruzko Bernardo Atxaga katedra Etxepare Institutuak bultzatu du, eta CUNY (City University Of New York) New York Hiriko Unibertsitateko Graduatu Zentroak hartuko du. Katedra horren xede nagusia hauxe izango da: euskal literatura eta hizkuntzalaritzaren inguruan ikerketa, ikasketa eta ezagutza sustatzea. Katedraren inaugurazio ofiziala irailaren 16an egingo bada ere, hilaren 9tik 16ra bitarte, hainbat ekitaldi egingo dira Unibertsitatean. Besteak beste, Atxagak berak mintegi bat zuzenduko du.
Aurreneko ekitaldia bihar izango da, Mari Jose Olaziregi Etxepare Institutuko Euskararen Sustapen eta Zabalkuntzarako zuzendariak "Utopía y transgresión en el universo literario de Bernardo Atxaga" hitzaldia emango duelarik. Irailaren 12tik 15era, Atxagak "Cultura y cambio político en Euskadi" mintegia zuzenduko du. Irailaren 13an, Katuak eta paradisua poesia irakurraldi musikatua egingo dute Atxagak, Jabier Muguruzak eta Amaia Gabantxok, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
Esan bezala, hilaren 16an inauguratuko da Bernardo Atxaga katedra, "Viaje al centro" idazlearen hitzaldiarekin. Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Louise Lennihan CUNYko ordezkariak ere parte hartuko dute ekitaldian. Egun horretan ere, Aizpea Goenagak zuzendutako Zeru horiek filma proiektatuko da, Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritutakoa.