Horietako zati batzuk plazaratuak izan badira ere, Perpetua Saraguetak idatzitako multzorik handiena argitaratu gabe zegoen. Orain idatzi guztiak bildu dira liburu honetan.
Perpetua Saragueta Erroibarko Mezkiritz (Nafarroa) herrian jaio zen 1905eko abuztuaren 3an eta Iruñean hil, 1986ko martxoaren 26an. Baserri giroko hamahiru neba-arrebetatik zaharrena izan zen, eta eskolara lau urtez besterik ez zen joan; hala ere, bertan sartu zitzaizkion ikasteko eta irakurtzeko zaletasuna, bai eta euskara maitatu eta balioesteko grina ere. Eta kazetari eta idazle bihurtu zen. Andres Iñigok azpimarratzen duen bezala, "erran beharrik ez dago, Nafarroan garai haietan euskaraz idaztera ausartu ziren emakume bakarretakoa izan zela, eta horrek berak handiago egiten du emakume mezkiriztarraren merezimendua".
Liburuari bi eranskin txertatu zaizkio: bata, gerra aitzineko garaian Baionako Eskualduna eta Donostiako Argia aldizkarietara igortzen zituen Mezkirizko eta Arizkungo dozena erdi bat kronika; bestea, CD bat, Jose Mari Satrustegik Perpetua Saraguetari 1977 eta 1979 urteetan egin zizkion hiru grabazio luze jasotzen dituena.