Ikastaroak Euskal Herriko Unibertsitateetako eta ikastolen munduko irakasleek eman dituzte, horietako batzuk euskaltzainak. Ikastaldiez gainera, Euskal Herriko erakunde, ikastegi eta kulturguneetara ere bisitak egin dituzte: Ikastolen Elkartea, Tuterako Ikastola, Hezkuntza Saila, Euskal Irrati Telebista, Foru Aldundiak, Argia aldizkaria, Bertsozale Elkartea, Kafe Antzokia etabar.
Maiatzaren 19an, goizean Euskaltzaindiaren egoitzara etorri ziren, gure Akademia ikusi eta beraren egitura eta jarduerak nolakoak diren jakiteko. Bisitariak amerindiar hizkuntza nagusien ordezkariak ziren: Lidia Marisol Cabrera eta Martha Sandra Bustillos (Boliviako aimaradunak); Gualberto Vicente Quispe eta Leonor Zoraya Chavez (Boliviako kitxuadunak); Cesia Beatriz Chocori eta Carmen Curihuentro (Txileko Mapuzugun hizkuntzadunak); Cesar Daniel Teleguario, Jose David Catu eta Pedro Oscar Garcia (Guatemalako kaqtxikel maia hizkuntzadunak, azkena Maia Hizkuntzen Akademiaren Burua); Cesar Pilataxi Lecho, Carlos Yamberla, Luis Arturo Muyulema, Maria Hilda Chaluisa eta Oscar Sacha Rosero (Ecuadorko kitxuadunak), Yazmin Yadira Novelo eta Bella Flor Canche (Mexikoko maia hizkuntzaduna); Aldegundo Gonzalez (Mexikoko nawatl hizkuntzaduna) eta Miriam Viviana Gonzalez (Kolonbiako nasa yuwe hizkuntzaduna, bertako Kultur Ministerioko aholkularia). Guztiak hizkuntzalaritzan, bertako mintzairen irakaskuntzan, eragile-elkarteen buru edota kideak eta suspertze-programetan adituak.
Euskaltzaindiko idazkariak, Xabier Kintanak, ongi etorria eman eta Akademiaren egoitza erakutsi zien, beren galderak erantzunez. Oso interesaturik egon ziren Mikel Gorrotxategik, Onomastika Batzordeko idazkariak, pertsona izenak eta deiturak ofizialki erabiltzeko emandako pausoak entzuten, bai eta bertoko toponimia jatorra berreskuratzeko egindako gestioekin ere. Pruden Gartzia liburuzainak gure bibliotekaren funtzionamendua ere argitu zien. Era berean xeheki jakin nahi izan zituzten Euskaltzaindiaren antolakuntza eta kargu-hartze, hautatze eta ohorezko izendapenen gorabeherak ere. Era guztietako galdera interesgarriak egin zituzten, eta maiz beren oraingo egoera salatu ere bai.
Euskararen batasuna lortzeko bidea eta emandako pausoak ere hurbiletik jakin nahi izan zituzten, haiek ere esperientzia horretaz baliatzeko, guztiek, nola edo hala, beren hizkuntzetan antzeko arazoak dituzte eta. Argitzeko, euskaldunok ere lehenago, beren antzera, galdezka eta informazio bila ibili ginela esan genien, Finlandia, Israel eta Georgiako kasuak eta aztertzeko. Amaitzean, Jon Artzak, argitalpen banaketaren arduradunak, Euskaltzaindiaren liburu eta agerkari batzuk eman zizkien oparitan. Berek ere, esker onez, beren hizkuntzen gramatika batzuk utzi zizkioten Euskaltzaindiari.