Gasteizko Udalaren ekimenez, "Kultura denon eskura" izeneko kultur ikastaroak egiten ari dira egunotan Arabako hiriburuan. Kurtso hauek herritar guztiei kulturaren arlo desberdinak hurbiltzea dute helburu, eta hainbat gai jorratzen dute, hala nola argazkigintza, artea, musika edota literatura. Aurten, Gasteizko toponimiari buruzko ikastaroa ere egiten ari da, Elena Martínez de Madina Euskaltzaindiaren Onomastika batzordekidearen ardurapean. Ikastaroa hiriko Iparralde gizarte etxean ematen ari da eta 40 pertsona parte hartzen ari dira.
Ikastaro honen helburu nagusia toponimiaren oinarrizko ezagupenak eta Gasteizko toponimia irakastea da. Honetarako, kurtsoaren hasierako ikasgaietan, baliagarriak eta beharrezkoak diren zenbait kontzeptu eta ikerbide aurkeztu dira, eta hurrengoetan, Gasteizko leku-izenak eta haien deskripzioa eta ezaugarriak izango dira gai nagusiak.
Hona hemen ikastaro honen edukien aurkezpena eta egitaraua:
Denok hitz egiten dugu toponimiaz. Nork ez du eman iritzia leku-izen bati buruz? Etimologiaz, zuzentasunaz, euskaraz ala gaztelaniaz eman behar den... honetaz guztiaz noizbait hitz egin dugu. Baina nola egiten da toponimia ikerketa? Nola erabakitzen da "izen hau edo beste hau" egokia den? Badago euskal toponimorik Gasteizen ala itzuli egin dute?
Ikastaroan gai hauk jorratzen ari dira:
1.Onomastika zientziak. Definizioa. Beste arlo batzuekiko harremanak. Zer da Onomastika? Zer da Antroponimia? Zer da Toponimia?
2. Euskal Antroponimia eta Euskal Toponimia I. Zertzelada batzuk.
3-4. Euskal Toponimia II. Toponimia ikerketak. Euskararen hedapena toponimiaren arabera. Toponimo motak. Toponimoaren osagaiak.
5-6. Arabako toponimia. Arabako toponimiaren lanak. Toponimoen hizkuntzak eta banaketa.
7-8. Gasteizko toponimia I. Gure hizkuntzak. Toponimia historikoa: ¿Nola ikertu behar da?
9-10-11. Gasteizko toponimia II. Gasteizko leku-izenak. Osagai linguistikoak.
12. Gure hiriko kaletegia. Antzinako eta gaurko izenak
13. Galdetu zuk. Esan zuk. Zein toponimo duzu gustuko? Izen bitxirik ezagutzen duzu?