Gaur, apirilaren 15ean, Diman (Bizkaia), Aita Lino Akesolo karmeldarraren jaiotzaren mendeurrena gogoratzeko, Euskaltzaindia Diman izango da, eta Udalarekin batera hainbat ekitaldi burutuko. Arratsaldeko 18:30ean, Udaletxe aurreko Plazan, aurreskua dantzatuko da, eta herriko abesbatzak kanta bat eskainiko du. Gainera, Lino Akesoloren omenezko plaka bat zabalduko da.
Horren ostean, Udaletxeko Pleno aretoan ageriko bilkura egingo da, egitarau honen arabera:
- Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzak
- Julen Urkiza, historialari eta Karmel aldizkariaren zuzendaria: "Lino Akesoloren izaera dela eta"
- Luis Baraiazarra, euskaltzain ohorezkoa: "Lino Akesolo eta euskaltzale lagunak"
- Patxi Uribarren, euskaltzain osoa: "Lino Akesolo, irakurle aseezina, ikertzaile sakona, hiztegigile zorrotza"
- Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Sustatzeko zuzendari nagusiaren hitzak
- Jose Ramon Garai Dimako alkatearen hitzak
Ekitaldia amaitu ostean, bertaratu direnei Lino Akesolok bizkaieraz jarritako Salmoak liburua oparituko zaie.