Institut d'Estudis Catalans-en Secció Filològicak ehun urte bete ditu, eta mendeurrena ospatzeko ekitaldi ugari egingo ditu 2011n zehar. Ospakizun horren hasiera ekitaldia atzo egin zen, Bartzelonan, Generalitateko Jauregian. Mahaiburuan hauek izan ziren: Artur Mas Generalitateko presidentea, Salvador Giner Institut d'Estudis Catalans-eko presidentea eta Isidor Marí, Secció Filològicako presidentea. Euskaltzaindia ere ekitaldian izan zen, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak ordezkatu zuen Akademia. Bestalde, Real Academia Españolaren izenean, Jose Manuel Blecua zuzendaria izan zen.
Antoni M. Alcoverrek eta Pompeu Fabrak sortu zuten Secció Filològica orain dela 100 urte, 1911n. Hori dela eta, atzoko ekitaldian omenduak izan ziren. Batetik, Alcoverren lan digitalizatuak biltzen dituen IEC-ren webgunearen atala aurkeztu zuen Pilar Perea irakasleak; eta bestetik, Joan Solà eta Jordi Mir irakasleek zuzentzen duten Pompeu Fabraren lan guztiak biltzen dituen bildumaren zazpigarren liburua aurkeztu zen.