Gaur, apirilaren 14an, Leioako Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmen berri bat sinatu dute, Leioako leku-izenak liburua argitaratzeko. Liburuak berriki burutu den herriko toponimia ikerketaren emaitzak bilduko ditu eta aurten kaleratuko da. Hitzarmena Eneko Arruebarrena alkateak eta Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariak sinatu dute.
Azken urteotan, herriko toponimia sendotzeko lanean dihardu Leioako Udalak, eta 2009an lankidetza hitzarmena sinatu zuen Euskaltzaindiarekin, ikerketa egiteko. Ikerketa horrek udalerriko jatorrizko izenak berreskuratzea eta normalizatzea zuen helburu, eta Iratxe Lasa, Goizalde Ugarte eta Mikel Gorrotxategi ikerlariek burutu dute. Orain, azterketa amaituta dagoela, Leioako leku-izenak liburua argitaratuko da. Aurrerantzean, euskarri digitalean ere kaleratuko da.
Bestalde, toponimia ikerketaren emaitzak hainbat aldaketa eragin ditu herriko kale, enparantza, parke eta bestelako tokien izenetan. Hala bada, Leioako zenbait auzo eta kaleen izenak zuzendu dira aurten. Aldaketa horiek guztiak jasotzen dituen udalerriko mapa berria argitaratu du Udalak, eta herritarren artean banatu. Honetaz gain, Leioako kale guztietako izenen plakak ere berritu egin dira jatorrizko izen zuzenak erabiliz.
Esan bezala, hurrengo pausua Leioako leku-izenak liburua argitaratzea izango da. Aurrerantzean, euskarri digitalean ere kaleratuko dira ikerketaren emaitzak, CD batean bilduko direlarik.