Gaur, apirilaren 4an, Euskaltzaindiaren egoitzan, Euskarazko Tesien II. Koldo Mitxelena Sariak banatu dira. Ekitaldian sariok antolatzen dituzten bi erakudeen ordezkariak izan dira: Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Xabier Kintana idazkaria; eta UPV / EHUrenean, Iñaki Goirizelaia errektorea eta Gidor Bilbao Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordea.
Hauek dira sarituak:
-
Zientzia Esperimentalen jakintza-arloa: Koldo Garcia. Tesia: "Erretrobirus endogenoen detekzioa eta karakterizazioa behietan eta beste hainbat mamaliotan".
-
Ikasketa Teknikoen jakintza-arloa: Maite Oronoz. Tesia: "Euskarazko errore sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko baliabideen garapena: datak, postposizio-lokuzioak eta komunztadura".
-
Osasun Zientzien jakintza-arloa: Jaime Zubero. Tesia: "Goi mailako futbolari gazteen ezaugarri antropometriko eta fisiologikoen garrantzia aukeratze-prozesuan".
-
Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridikoen jakintza-arloa: J. Inazio Marko. Tesia: "Hizkuntza-eraldaketa organizazioetan: Esperientzia eta modelizazioa. dinamizazio soziolinguistikoa gizarte pedagogiaren baitan".
-
Giza Zientzian jakintza-arloa: Idurre Alonso. Tesia: "Literaturaren irakaskuntza Hego Euskal Herriko batxilergoan, eduki kontzeptualetatik gaitasun komunikatiboetarako bidean"
Ekitaldi berean, Jesus Mari Makazagaren Elgoibarko ahozko euskara liburua aurkeztu da. Liburuak Akademiaren Iker bildumaren 25. zenbakia darama, eta UPV / EHUren eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da.
2008an, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak "Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Saria" sortu zuten, euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz. Sariak bi urterik behin deitzen dira, eta bost jakintza-arlotan banatzen dira: Zientzia Esperimentalak; Ikasketa Teknikoak; Osasun Zientziak; Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak; eta Giza Zientziak. Irabazleek oroigarria, diploma eta 2.000 euro jaso dituzte.
Sari hauen bitartez, UPV/EHUk eta Euskaltzaindiak euskarazko tesien ekarpen bikoitza goraipatu nahi dute, batetik jakintzaren arloa zabaltzen laguntzen dutelako, eta bestetik euskararen normalizazioaren prozesuan ere guztiz lagungarriak direlako.
Gaur, Bilbon egindako ekitaldian, bigarren edizio honetako sariak jaso dituzten egileen izenak jakinarazi dira. Hauek dira:
Zientzia Esperimentalen jakintza-arloa: Koldo Garcia. Tesia: "Erretrobirus endogenoen detekzioa eta karakterizazioa behietan eta beste hainbat mamaliotan".
Lan honetan hainbat mamalioren genoman detektatutako erretrobirus endogenoak (ERV) lanabes bioinformatikoen bidez aztertu dira. ERVak jatorri erretrobirala duten elementu genomikoak dira eta ornodunen genomen hein zabal batean detektatu dira, batez ere mamalioetan. Hala ere, elementu hauei buruzko ezagumendua mugatua da eta egindako azterketa genomikoa primate eta karraskarietara mugatu da. Honela, ERVen identifikazioa behian eta zaldian burutu da eta ezezagunak ziren 35 erretrobirus deskribatu ditu. Erretrobirus endogenoak (ERV), infekzio erretrobirikoetatik eratorrita lerro germinaleko zeluletan sartzen diren sekuentziak dira, belaunaldiz belaunaldi genoman txertatuta transmititzen direnak.
Ikasketa Teknikoen jakintza-arloa: Maite Oronoz. Tesia: "Euskarazko errore sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko baliabideen garapena: datak, postposizio-lokuzioak eta komunztadura".
Tesi-lan honen helburu nagusia euskarazko errore sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko baliabideen garapena da, aztertu den moduan, euskararen erabilera egokirako erroreak automatikoki detektatzea eta zuzentzea garrantzitsua baita. Garatutako baliabideak, euskararako gramatika-zuzentzaileetan eta hizkuntzen irakaskuntzarako sistemetan erabiliko dira. Erroreak detektatzeko eta zuzentzeko erabiltzen diren teknikei gainbegiratu zabala eman ondoren, hizkuntza-ezagutzan oinarritutako teknikak erabili ditu. Lan horretatik, Saroi tresna sortu du, erroreen tratamendua egiteko ez ezik, analisi-zuhaitzetako egituren gaineko kontsultak egiteko eta zuhaitz horietan egitura linguistikoak bilatzeko ere balio duena.
Osasun Zientzien jakintza-arloa: Jaime Zubero. Tesia: "Goi mailako futbolari gazteen ezaugarri antropometriko eta fisiologikoen garrantzia aukeratze-prozesuan".
Lan honen helburua da futbolari gazteen (10-14 urte) ezaugarri antropometrikoetan eta fisiologikoetan dauden ezberdintasunak deskribatzea. Alde batetik, maila ertaineko eta maila altuko futbolariak adin bakoitzean bereizten dituzten ezaugarriak zeintzuk diren zehaztu nahi da. Bestetik, goi mailako talde batean titularrak eta titular ez direnak bereizten dituzten ezaugarriak aztertu dira. Lan gutxitan aztertu izan da talde bateko titularren eta titular ez direnen edo hautatuen ala ez-hautatuen arteko aldeak nolakoak diren. Hala bada, jarduera horretan arrakasta lortzeko, eragina duten faktore nagusiak aztertu dira.
Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridikoen jakintza-arloa: J. Inazio Marko. Tesia: "Hizkuntza-eraldaketa organizazioetan: Esperientzia eta modelizazioa. dinamizazio soziolinguistikoa gizarte pedagogiaren baitan".
Tesiaren xedea izan da lan-munduko organizazioetan hizkuntza-normalizaziorako eraldaketari aplikatutako hizkuntza-prozesuen ingeniaritzan esku-hartzerako eredu erreferentziala garatzea. Langile-sindikatu batean 10 urtez bideratutako esperientzia baten kasuaren azterketan oinarritu da, eta ikerketa kualitatiboaren estrategia erabili du. Bederatzi indar-ideiaren mapa eraiki du eta ENEKuS erreferentziazko egitura konfiguratu.
Giza Zientzian jakintza-arloa: Idurre Alonso. Tesia: "Literaturaren irakaskuntza Hego Euskal Herriko batxilergoan, eduki kontzeptualetatik gaitasun komunikatiboetarako bidean".
Tesi honek aztergai du euskal literaturaren irakaskuntza Batxilergoan. Egileak Hego Euskal Herrian kokatu du ikerketa-eremua, eta askotariko teknika soziologikoen bidez (kualitatibo nahiz kuantitatiboak) sakondu du literaturaren irakaskuntzak gaur egun dituen helburuetan, erabiltzen diren metodologietan eta lantzen diren edukietan. Tesiaren egileak azpimarratzen du euskal literaturaren irakaskuntzak, gaur egun, ez duela lortzen curriculum-legeetan zehazten diren helburuetako bakar bat ere. Horregatik guztiagatik, egileak defendatzen du berebiziko garrantzia duela literaturaren irakaskuntzaren gainean hausnartzeak eta irakasgaia bideratzeak parametro komunikatibo, dinamiko, praktiko eta motibagarriagoetara iristeko.
Hauek izan dira sarien aurtengo deialdiko epaimahaikideak:
- Zientzia Esperimentalen jakintza-arloan: Jazinto Iturbe eta Josu Jugo.
- Osasun Zientzien jakintza-arloan: Alberto Loizate eta Inmaculada Gerrikagoitia.
- Giza Zientzien jakintza-arloan: Miren Azkarate eta Gidor Bilbao.
- Gizarte Zientzien jakintza-arloan: Patxi Juaristi eta Iñigo Urrutia.
- Ikasketa Teknikoen jakintza-arloan: Andoni Sagarna eta Jokin Gorozika.