Datorren astelehenean, apirilaren 4an, Jesus Mari Makatzagaren Elgoibarko ahozko euskara liburua aurkeztuko da. Liburua Akademiaren Iker bildumaren 25. zenbakia da, eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da. Elgoibarko ahozko euskara, 2009an Makatzagak aurkeztu zuen doktore tesiaren emaitza nagusia da. Egileak hizkuntzaren maila guztietan ikertu du Elgoibarko hizkera. Horretarako, berri-emaile batzuei grabatutako testuak erabili ditu. Adineko berri-emaileak izan ditu, 70 urtetik gorakoak, emakume nahiz gizonezko, eta herriko auzo guztietakoak: guztira 30 berri-emailetik gora. Bestalde, inguruko herrietan ere egin ditu grabaketak.
Jesus Mari Makatzaga UPV/EHUko Euskara Zerbitzuburua da. Euskaltzain urgazle eta Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeko idazkaria ere bada.
Ekitaldi berean, Euskarazko Tesien II. Koldo Mitxelena sariak banatuko dituzte Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak.