Martxoaren 9an, 30 urte bete ziren Telesforo Monzon politikari abertzale, idazle eta euskaltzain urgazlea hil zela. Hori dela eta, Bergaran, bere herrian, haren omenezko hainbat ekitaldi egin dira hilean zehar. Hala, martxoaren 9an, plaka bat jarri zuten bere izena daraman plazan. Bestalde, Bergarako Udalak eta Dorre Olaso Sorrerakundeak antolaturik, Koldo Izagirrek, Ludger Meesek eta Iñaki Egañak hitzaldi bana eman dute.
Baionan ere, Anai Artea elkarteak Monzon omentzeko ekitaldia burutuko du, apirilean. Bestalde, aurten Telesforo Monzon pastorala emango dute Larrainen (Zuberoa), abuztuaren 7an eta 13an. Testua Jean Bordaxar kantari zuberotarrak idatzi du.
2008ko otsailean, Euskaltzaindiak eta Olaso Dorrea Sorrerakundeak elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen horri esker, Olaso Dorrea Sorrerakundearena den ondare bibliografiko eta artxibistikoa Euskaltzaindiaren egoitzan gordetzen da; hots, George Lacomberen Biblioteka eta Olaso Dorrea Sorrerakundearen Artxibo Historikoaren XX. mendeko atala, Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuza emaztearen familiaren ondareak barne, Euskaltzaindian gordetzen da.