Liburu hau Gasteizko Toponimia egitasmoaren barruan argitaratzen den hirugarrena da. Lehenengo biak 2009ko apirilean kaleratu zituen Akademiak: Gasteizko Toponimia I / Toponimia de Vitoria I (Ciudad / Hiria) eta Gasteizko Toponimia II / Toponimia de Vitoria II ( Malizaeza). Orduan Jose Luis Lizundia egitasmoaren zuzendariak eta Elena Martinez de Madina liburuen prestatzaileak egin zuten aurkezpena, Arabako Foru Aldundian.
Gasteizko Toponimia III, Gasteizko Ubarrundia/ Toponimia de Vitoria III, Ubarrundia de Vitoria liburuak Gasteizko Ubarrundiako toponimoak era sailkatu eta arautuan biltzen ditu. Hauek dira Gasteizko Ubarrundia osatzen duten sei herriak: Amarita, Erretana, Miñao, Miñaogutxia, Gamarra eta Gamarragutxia.
Liburuaren aurkibidea 57,22 Kb
Ikerketa-lana egiteko, sei herri hauei dagozkien XIV. eta XX. mendeen arteko 35.000 leku-izen inguru bildu eta aztertu dira. Ondorioz, 898 toponimo aurkezten dira, horietako 276 Gamarra eta Gamarragutxia herrietakoak; 301 Miñao eta Miñaogutxia herrietakoak; 157 Erretanakoak; eta 164 Amaritakoak.
Aurkezpena Jose Luis Lizundia egitasmoaren zuzendariak eta Elena Martinez de Madina teknikariak egingo dute. Eurekin batera Patxi Lazkoz Gasteizko alkatea eta Andres Urrutia euskaltzainburua izango dira. Gasteizko Toponimia egitasmoaren babeslea, hasieratik, Gasteizko Udala izan da.