Martxoaren 3an, Bilbo Zaharra Forumek antolatutako herri literaturari buruzko jardunaldien azken saioa egin zen. Saio horretan hiru bersolari aritu ziren: Amets Arzallus, Odei Barroso eta Sustrai Colina, eta Bertsoen zirrikituetan barrena izeneko emanaldia eskaini zuten.
Herri Literaturari buruzko jardunaldiak Euskaltzaindiaren aretoan burutu dira. Otsailaren 3an egin zen lehen saioa, Maialen Lujanbiok, Judith Monterok eta Xabier Erkiziak eskaini zuten Ornitorrinkus ikuskizunarekin. Bigarren saioan Kepa Junkera eta Xabier Amuriza izan ziren protagonista, Betibizi, zaharra berri proposamenarekin. Eta hirugarren saioa otsailaren 17an egin zen; egun horretan, Ander Lipusek eta Jon Maiak Erregea eta bufoia aurkeztu zuten.