Elgoibarko toponimia jaso, sailkatu eta finkatzeko lana aurrera doa, eta atzo, otsailaren 16an, herriko toponimiari buruzko erakusketa zabaldu zuen Udalak. Aurkezpenean hauek mintzatu ziren: Alfredo Etxeberria alkatea, Jon Uriguen Euskara zinegotzia, Nerea Alaba eta Amaia Pinacho lana burutu duten ikerlariak eta Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko idazkari eta lanaren tutorea. Erakusketaren xede nagusia hauxe da: herritar guztiek ekarpenak egin ditzaten, mapa ahalik eta zehatzen osatu ahal izateko. Otsailaren 26ra arte egongo da zabalik, Elgoibarko Kultura Etxean.
Elgoibarko Udalak Gotzon Garate izeneko I bekaren deialdia egin zuen 2009an, eta aldi berean lankidetza hitzarmena sinatu zuen Euskaltzaindiarekin, Akademiaren laguntza jaso ahal izateko. Beka Nerea Alabari eta Amaia Pinachori esleitu zitzaien. Orain, azterketa toponimiko hori gizarteratu nahi izan du Udalak, eta udalerriko mapa toponimikoa argitaratu du. Mapa Geograma enpresak egin du eta Kultura Etxean ikusgai dago, herritar guztiek ikus eta iritzia eman dezaten.