Otsailaren 12an, Donostian, Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi" idazle, politikari eta euskaltzain urgazlea omendu zuen Euskal Herrian Euskaraz-ek. Omenaldia "Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!" lelopean burutu zen manifestazioaren amaieran izan zen, eta Txillardegik euskararen alde egin duen lana aitortzea izan zuen helburu.
Dantzarien eta bersolarien agurra jaso ostean, honako opariak eman zizkioten Txillardegiri: Euskal Herrian Euskaraz-en logoa josita duen txapela, Aitor Amorrek landutako euskal makila eta Arantza Arratibelek eginiko Txillardegiren erretratua. Bestalde, Joxe Austin Arrietak Txillardegiren ibilibidea goraipatu zuen.