Otsailaren 3an, Euskaltzaindiaren egoitzan, Maialen Lujanbiok, Judith Monterok eta Xabier Erkiziak Ornitorrinkus ikuskizuna aurkeztu zuten, Bilbo Zaharra Forumek antolatutako jardunaldien lehen saioan. Jardunaldi horiek herri literatura izango dute hizpide, eta martxoaren 3ra arte egingo dira, Akademiaren egoitzan.
Lau emanaldik osatuko dute jardunaldiok, eta ostegunetan egingo dira. Esan bezala, lehena Ornitorrinkus izan zen, "musika garaikideak, elektronikak eta bertsoak elkar hartuta osaturiko hotsen eta ahotsen emanaldia, performance-aren, kontzertuaren eta happening-aren artean kokatzen dena". Bigarren saioa otsailaren 10ean izango da, iluntzeko 19:00etan; Kepa Junkerak eta Xabier Amurizak Betibizi, zaharra berri emanaldia eskainiko dute.