Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburua ikusgai dago Gasteizen. Izan ere, "Euskara, jalgi hadi plazara" izenburuko erakusketa gaur zabaldu da Eusko Legebiltzarrean, eta bertan euskaraz inprimatu zen lehen liburua dago. Liburua Frantziako Biblioteka Nazionalean dago, Parisen, eta berriki digitalizatua izan da, hain juxtu ere Gasteizko erakusketara ekartzea erabaki zenean. Hartarako eskakizun tekniko gorenak esleitu zitzaizkion, liburu berezi-berezietan baino ezartzen ez direnak. Hori dela eta, kalitate handiko irudiak dira.
Etxeparek idatzitakoarekin batera, XVI. eta XVII. mendeetako euskal literaturaren beste hamahiru lan biltzen dira, horien artean Euskaltzaindiak utzitako Joanes Leizarragaren 1571eko Testamentu Berria dagoelarik. Erakusketa honen komisarioa Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria da.
Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak zabaldu du erakusketa. Kintanarekin batera, hauek izan dira Euskaltzaindiaren izenean: Andres Urrutia euskaltzainburua, Jose Luis Lizundia diruzaina, Andoni Sagarna Iker sailburua, Andres Iñigo Jagon sailburua, Joseba Lakarra euskaltzaina, Joseba Zabaleta kudeatzailea, Erramun Osa idazkariordea eta Pruden Gartzia Azkue Bibliotekako zuzendaria. Erakusketa martxoaren 31ra arte egongo da zabalik, Legebiltzarreko Tomas Moro aretoan.