Datorren ostiralean, urtarrilaren 28an, Euskaltzaindiak ageriko bilkura egingo du Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, eguerdiko 12:00etan, azken urtean hil diren euskaltzainak omentzeko.
Ondoko hilberri-txostenak irakurriko dira:
- Jorge Cortes Izal (1930-2010) euskaltzain urgazlea. Patxi Zabaletak irakurriko du. Ikastolen mugimenduaren bultzatzaile handienetarikoa izan zen Jorge Cortes Nafarroan, etengabeko lan isila eginez. Euskalerria Irratiaren sortzaileetarikoa izan zen.
- Xabier Lete (1944-2010) ohorezko euskaltzaina. Jose Angel Irigarai ohorezko euskaltzainak irakurriko du. Idazle, poeta eta kantaria, Ez Dok Amairu taldeko kide izan zen Lete. Bederatzi disko kaleratu zituen, eta zazpi olerki liburu, azkena Egunsentiaren Esku Izoztuak izenekoa. Euskal kulturaren erreferente argia.
Txostena irakurtzeaz gain, Jose Angel Irigaraik Leteren poema batzuk irakurriko ditu. Gainera, Bernardo Atxagak eta Joxan Goikoetxea musikariak ere hartuko dute parte omenaldian.