Ajangizko toponimiaren mapa berria kaleratu da eta laster aurkeztu eta banatuko da herritarren artean. Herri horretako toponimia 2008tik ikertzen ari da, urte horretan Udalak eta Eusko Ikaskuntzak lan hori burutzeko deialdia egin baitzuten. Horren ostean, ikerlariari laguntzeko, eta ikerketa bideratzeko, hitzarmena sinatu zuten Euskaltzaindiarekin. Dokumentazio bilketa Jon Kortazar Billalabeitiak egin zuen, eta gero herriko lagun batzuen artean burutu zen ahozko bilketa. Lana Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko idazkariaren gidaritzapean burutu da.
Ikerketa horren emaitza urte amaieran Ajangizko Kultura Etxean egin zen erakusketan ikusi zen. Ikermap enpresak prestatu zuen erakusketa eta bertan herritarrei aukera eman zitzaien ikerketaren berri zehatza izateko, eta bide batez, ekarpenak egiteko, bai datuak zuzentzen, baita datu gehiago ekartzeko ere. Horretaz gain, jende aurrean jartze honek balioko du izenei idazkera ofiziala emateko aurrerantzean modu horretan erabil daitezen.
Ikerketa eta mapa egin ahal izateko, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Maie enpresaren laguntza ezinbestekoa izan da. Ajangizko Udalak lanarekin aurrera segitzeko asmoa du, leku izenak babesteko modurik egokiena jendeak ezagutzea eta erabiltzea baita.