Euskaltzaindiko idazkariorde berria Erramun Osa Ibarloza da. Pello Telleria idazkariorde zenaren ordez, Akademian zegoen hutsunea beteko du Osak.
Erramun Osa zizurkildarra da jaiotzez (1964) baina ondarroarra da izatez. Pasa den mendeko laurogeiko hamarkadan helduen euskara irakasle jardun zuen Bilboko Atxuriko eskoletan, AEKren eskutik. Bilboko ezkerraldean AEKko pedagogia zerbitzuetan hainbat ardura izan ditu. 1991-2001 aldian Bizkaiko AEKko arduraduna izana da. 2001 urtetik aurrera Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko hizkuntza arduraduna izan da, besteak beste, eskola barruko eta eskolaz kanpoko jardunean euskararen sustapena eta indarberritzea xede duten egitasmoen ardura nagusia izanik. 2007-09 aldian Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinaziorako zuzendaria izan da. Ordutik hona, Ikastolen Konfederazioak, Elkarrek eta Elhuyarrek lankidetzan garatu duten IKASARGIA -etorkizunean sor daitekeen euskal entziklopediaren beta erakusgarria- egitasmoaren arduraduna izan da.
1996-2007 aldian Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kidea izan da. 2007-2009 aldian, ostera, Euskararen Aholku Batzordearen idazkaria izan da. Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea da, 2003tik. 2005 urtetik Sustapen batzordeko idazkaria ere bada. Aurrerantzean, Sustapen batzordeko idazkari izaten jarraituko du.
Soziolinguistikaz, euskararen ikaskuntza eta ikaskuntza prozesuez ikertu eta idatzi du. Hainbat artikulu idatzi ditu aldizkari espezializatuetan. Hainbat libururen egile edo egile-kide ere bada. Euskal prentsan pertsona aski ezaguna da, ehunka artikulu idatzi baititu.