Atzo, abenduaren 22an, Zierbenako Udaletxean, herri horretako toponimia jasotzen duen liburua aurkeztu zen. Liburuaren izenburua, hain zuzen ere, Zierbenako toponimia da eta 500 toponimo inguru jasotzen ditu, baita guztien ezaugarri linguistiko, etimologiko, dokumental eta geografikoei buruzko informazioa ere. Liburuarekin batera, CD interaktibo bat argitaratu da, Google Earth-en sartzeko aukera ematen duena. CDak 500 argazki baino gehiago ditu.
Aurkezpena honako hauek egin zuten: Marcelino Elortza alkateak, Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusiak, Ulibarri euskaltegiko Joxe Mari Zubiaga ikerlariak -Joseba Perezekin batera egin du lana- eta Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko idazkari eta lana gainbegiratu duenak. Zierbenako toponimia jasotzeko, ezinbestekoa izan da Goio Bañalesek egin duen dokumentazio hustuketa.
Zierbenako Udalak eta Euskaltzaindiak herriko toponimia ikertzeko eta arautzeko hitzarmena aurtengo otsailean sinatu zuten.