Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmen berria sinatu dute gaur, abenduaren 21ean, Bilboko Udaletxean. Euskararen erabilera sustatzea helburu duen hitzarmen hori Iñaki Azkuna Bilboko alkateak sinatu du, Udalaren izenean, eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Hauek dira hitzarmen horren ildo nagusiak:
- Herritarrei zerbitzu egokia eskaini ahal izateko udal zerbitzuetatik eskatzen zaion hizkuntza aholkularitza emango du Euskaltzaindiak.
- Euskaltzaindiak instituzio eta erakundeekin elkarlanean, kultur hedapenerako ekintzak, ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak eta euskararen aldeko bestelako ekimenak bultzatuko ditu.
Alkateak Akademiaren lana goraipatu du: "Hizkuntzaren alderdi guztietan egin dauen ikerkuntza eta zabalkundea erraldoia da, guztion ondarea asko haunditu dauana. Eta gaurko hitzarmena da honen lekukorik fidelena". Bestalde, hitzarmen horren emaitza berezia Anaitasuna aldizkariaren digitalizazioa dugu, eta horrela adierazi du euskaltzainburuak: "Gaur berriztatzen dugu elkarlanerako hitzarmena eta bide berean ere, hitzarmen horren fruitu esanguratsua zuen aurrean eta jendaurrean agertu, bi erakundeok aurkezten dugulako Bilbon egundoko eragina izan zuen aldizkari baten digitalizazio osoa".
Egin den lana Joan Mari Torrealdai euskaltzainak aurkeztu du, berak zuzentzen duen Jakin aldizkariaren taldeak egin baitu aldizkariaren digitalizazioa.