Abenduaren 10ean eta 11n, Hondarribiko Udaletxean, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordeak Literaturaren Historiografia I. Jardunaldiak antolatu zituen. Jardunaldi horien helburua Euskal Literaturaren Historia egiteko erabili diren moldeez gogoeta egitea izan zen, eta halaber, Euskal Literaturaren Historia egiteko erabil litezkeen molde berriak proposatzea.
Txuma Lasagabasterrek aspaldi ohartarazi bezala, euskal literaturaren inguruko ikerketetan Historiografiari dagokion eremua gutxitxo aztertu da. Jardunaldi hauek ikerketa-lerro horren inguruko hausnarketak abiatzea izan zuten asmo. Hortaz, lehen jardunaldi hauek euskal literaturaren garapen historikoa kokatzeko egon litezkeen arazoak identifikatzea izan zuten helburu.
Horretarako, parte-hartzaileek hainbat txosten aurkeztu zituzten, eta ondotik, eztabaidarako tarte luzea zabaldu zen. Solasaldi eta eztabaida horietan jorratu ziren oraindik ere bizi-bizi diren kezka historiografikoak: Nola egituratu euskal literaturaren historia? Euskal literaturaren historia batek nola aurre egin egoera diglosikoaren kontaketari? Zein irizpideren arabera hautatu historiaren katean kokatuko den corpus literarioa?
Hainbat galdera egin zituzten mahai-ingurura bildu zirenak. Txosten horiek guztiak, eta eztabaiden nondik norakoak 2011. urteko Euskera-n argitaratuko dira.
Txuma Lasagabasterren sarrera-hitzek eman zieten hasiera jardunaldi hauei, eta ondoren, txostenak aurkeztu ziren, Euskal Literaturaren Historiografia birpentsatzeko proposamen interesgarriak bildu zituztenak.
Hona hemen aurkezturiko txosten horiek:
Abenduak 10
-
Ana Toledo (Deustuko Unibertsitatea), "Euskal literaturaren sistema: historia baterako aukera-irizpideak"
-
Jon Casenave (Université Michel de Montaigne-Bordeaux 3), "Eredu historiografiko finkatu berriaz zenbait gogoeta"
- Xabier Etxaniz (EHU), "Periodizazioa. Generotik mugimendu literariora"
- Manu Lopez Gaseni (EHU), "Genero ez-kanonikoen ekarpena euskal literaturaren historian".
Abenduak 11
- Josu Bijuesca (Deustuko Unibertsitatea), "Naissance de l'ecrivain? Literatura eta mezenasgoa Euskal Herri penintsularrean XVIII. mendean"
- Asier Barandiaran (UNAV), "Istorioen gizatasuna euskal literaturan: adibide bat"
- Patri Urkizu (UNED), "Bertso paperen eta baladen sailkapenez gogoetak"
- Iratxe Retolaza (EHU), "Literatura herrikoia, herri-literatura, herri-idazleak: herrikoitasun kontzeptuez zenbait gogoeta"