Gaur, abenduaren 17an, Euskaltzaindiak Zarauzko Frantziskotarrekin batera ospatu du bertako komentuaren 400. urteurrena. Hala bada, osoko batzarra egin du Akademiak komentuan, eta ondoren ekitaldi publikoa, Frantziskotarrekin eta Zarauzko Udalarekin batera. Ekitaldi horretan hauek hartu dute hitza: Andres Urrutia euskaltzainburuak; Jexus Artola, Zarauzko komentuko arduradunak; Arantza Iturria, Kultura zinegotziak; Arantza Ozaeta, Agirre Aasteasukoaren eracusaldiak liburuaren egileak; eta Jose Luis Lizundia eta Adolfo Arejita euskaltzainek.
Ekitaldi honetan, Arantza Ozaetaren Agirre Asteasukoaren eracusaldiac: Sermoia ikuspegi sozio-diskurtsiboaren argitan liburua aurkeztu da. Liburua Euskaltzaindiak argitaratzen duen "Iker" bildumaren 24. zenbakia da eta Mondragon Unibertsitatearen eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da. Aurkezpena egileak egin du.
Horren ostean, Jose Luis Lizundia eta Adolfo Arejita euskaltzainek hitzaldi bana eman dute, "Fray Bäertel sermolari famatua (Durango, 1850 - Zarautz, 1922)" eta "Frantziskotarren oratoria: Zarauzko Misiolari-kolegioaren papera", hurrenez hurren. Datozen egunotan Plazaberrin argitaratuko dira.