Bihar, abenduaren 10ean, Hondarribiko Udaletxean, Fernando Artola Bordari-ren omenezko bilkura egingo dute Euskaltzaindiak eta Hondarribiko Udalak, iluntzeko 19:00etan.
Fernando Artola Bordari Hondarribian jaio zen, 1910eko otsailaren 14an. Beraz, bere jaiotzaren mendeurrenean, Euskaltzaindiak eta Hondarribiko Udalak omenaldi bat eskainiko diote.
Hauxe izango da egitaraua:
- Aitor Kerexeta Hondarribiko alkatearen ongietorria
- Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra
- Sarrera-hitzak: Jean Haritschelhar
- Txomin Sagarzazu: "Fernando Artola Bordari eta Hondarribia"
- Pello Esnal eta Jose Mari Iriondo: "Fernando Artola Bordari: gizon osoa"
- Patri Urkizu: "Itsasoko tragediak euskal kanta zaharretan"
Idazle, hizlari, bertsoetako jai-jartzaile, kazetari, euskal kulturaren eragile eta bultzatzaile sutsua izan zen Fernando Artola Bordari 1910eko otsailaren 14an jaio zen, Hondarribian (Gipuzkoa).
1968an, Goraintzi liburua argitaratu zuen, emaztea hil eta bi urtera. Hari eskainia dago. 1982an lan hauek eman zituen argitara, Antonio Zavalaren Auspoa bilduman: Bakoitzak berea I eta Bakoitzak berea II. Bigarren honetan, Bordari-ren poema gehienak jasotzen ditu, Goraintzi liburukoak barne. Bestalde, Auspoa bilduman ere, Aritz beraren adarrak liburua, bere anaia Rafaelekin batera. Euskaltzain urgazle izan zen.
Hondarribian hil zen, 1983ko otsailaren 3an.