Juan Jose Arginzoniz Berrizko euskaltzaleak 1783ko Diccionario de la Lengua Castellana liburuaren dohaintza egin dio Euskaltzaindiari. Azaroaren 29an, Berrizko Udaletxean, Arginzonizek eta Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiaren diruzainak hiitzarmena sinatu zuten, eta dohaintza formalizatu. Izan ere, ekitaldi honetan, Jose Luis Lizundia izan zen Akademiaren ordezkaria. Harekin batera, Pruden Gartzia Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako zuzendaria izan zen.
Diccionario de la Lengua Castellana Espainiako Erret Akademiaren hiztegiaren bigarren edizioa da, 1783koa. Horrek, berez, garrantzia ematen dio dohaintzari, batetik antzinako liburua delako, eta bestetik, Euskaltzaindia bezalako Akademia batek egindako hiztegia delako. Hiztegi honek, guztira, 22 edizio izan ditu, azkena 2001koa; lehengo 14 edizioetan izenburu hori izan zuen -hots, Diccionario de la Lengua Castellana- eta 15. edizioan, 1925ean kaleratu zena, izenburua aldatu zioten, Diccionario de la Lengua Española bihurtuz. Hurrengo edizioa 2013an argitaratuko da.
Juan Jose Arginzoniz Berrizko Olabengoa baserrikoa da, Olabe auzoan, eta hiztegi hori bere familiarena da, pasa den mendetik. Arginzoniz jauna XIX. mendeko Bizkaiko pertsonaia nabarmen baten ondorengoa da, Antonio Manuel Arginzoniz (1844-1891), besteak beste ondoko bi liburuen egilea izan zena:
-
Sinopsis histórica de la Villa de Durango y noticias biográficas de sus hombres más célebres / Antonio M. de Arguinzoniz. -- Durango : Museo de Arte e Historia, 1989. 121 or. ; 25 cm. -- (Obras completas de Antonio M. de Arguinzoniz ; 1) (Biblioteca duranguesa ; 1)
-
El alzamiento carlista en Bizkaya en 1872 y el Convenio de Amorebieta / Antonio M. de Arguinzoniz. -- Durango : Museo de Arte e Historia, 1990. 223 or. : il. ; 24 cm. -- (Obras completas de Antonio M. de Arguinzoniz ; 2) (Biblioteca duranguesa ; 2)
Euskaltzaindiak eskerrak ematen dizkio Arginzoniz jaunari eta ziurtatzen dio aurrerantzean liburua ondo zainduta egongo dela, eta eskatzen duten ikerle eta filologoen eskuetan jarriko duela Azkue Bibliotekak.