Ekitaldi horien artean, bereziki aipatzekoa da Amerikatik helduriko lagunak, Eulogio Chavez, Hilarion Chinahuanca, eta Flora Oyardo Bolibiako aimara-hiztunak, Manuel Paza eta Ileana Soto Ekuadorko kitxuadunak, Edna Patricia Delgado, Rudy Camposeco eta Romelia Isém Mó Guatemalako maia-hiztunak azaroaren 24an, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzara egindako bisita. Guztiek esperientzia luzea izan dute beren hizkuntzen irakaskuntzan, ikerketa edota kudeaketan.
Bilbon Euskaltzaindiaren idazkariak, Xabier Kintanak, Bibliotekako Zuzendariak, Pruden Gartziak, eta Onomastika Zerbitzuko Buruak, Mikel Gorrotxategik, Akademiaren egoitza erakutsi, erakundearen historia gorabeheratsua kontatu, arlokako zeregin eta betekizunak jakinarazi eta Euskaltzaindiaren osaera, helburu, jardupide eta zereginak azaldu zizkieten xeheki. Bisitariek den-dena interes handiz ikusi eta ikuspegi askori buruzko galderak egin zituzten, funtzionamenduaren xehetasunez batik-bat, hizkuntza-akademia baten barne jarduera ahalik eta ongienik jakiteko. Bisitak iraun zuen lau orduetan eskatu zuten informazio mota guztia eskaini zitzaien.
Pertsona horiek guztiok interes handia erakutsi zuten Euskaltzaindiak euskararen batasunaren alde egiten duen lana jakiteko, bertoko esperientzia, ahal den neurrian, eta zeinek bere herriko egoera sozio-kultural bereziei egokituz, beren herrietara eramateko asmoz. Idazkariak euskaldunok ere duela 35 bat urte, Israelera-eta egindako bidaietan, gauza bera egin genuela azaldu zien, eta, nolabait, guk aspaldian juduengandik izandako zorra, oraingoan haiekin kitatu nahi genuela. Bisitariek Euskal Herrian izandako harrera ona eskertu eta aurrerantzean ere gure herrien arteko harremanak lantzen segitzeko borondatea agertu zuten. Bukatzean Jon Artzak, Akademiaren argitalpenen banatzaileak, Euskaltzaindiaren argitalpen batzuk eskaini zizkien. Berek ere, liburu interesgarriak utzi zituzten Akademiaren bibliotekarako, Amerikako jatorrizko hizkuntzen gramatika eta egoeraz.