Akademiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu du eta EAEko Herri Aginteen izenean, honako hauek: Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak; Claudio Rodríguez Arabako Foru Aldundiaren diputatu nagusiordea eta Foru Administrazio saileko foru diputatuak; Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura diputatuak; eta Carlos Ormazabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatuak.
Esan bezala, programa-kontratu honek lau urteko iraupena izango du (2010-2013). 2010ean, Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek, guztira, 2.356.777 € emango dizkiote Euskaltzaindiari. Bakoitzaren diru-ekarpena honako hau izango da:
- Eusko Jaurlaritzak: 1.664.427 €
- Arabako Foru Aldundiak: 100.000 €
- Bizkaiko Foru Aldundiak: 350.000 €
- Gipuzkoako Foru Aldundiak: 242.350 €
Dokumentuan zehazten den bezala, programa-kontratu honen bitartez, Euskaltzaindiari finantziazioa bermatuko zaio, euskararen gainean dituen arau-, kontsulta-, ikerketa- eta zabalkunde-eginkizunak bete ditzan, eta, aldi berean, baliabide publikoen bidez finantzatzen den edozein jarduerak eskatzen dituen ebaluazio-mekanismoak ezarrita geratuko dira. Xede honi begira, honako jarduera-lerro estrategikoak ezartzen dira: Lan-batzordeak, Lan proiektuak eta Euskaltzaindiaren zerbitzuak, egoitza nagusia eta lurralde-ordezkaritzak.
Programa-kontratu hau planifikazio estrategiko eta kudeaketarako tresna gisa osatzen da, zeinaren bidez herri-administrazio sinatzaileek eta Euskaltzaindiak euren arteko harreman-esparrua zehazten duten, bakoitzaren konpromisoei dagokienez, baita Akademiaren finantziazio-sistemari eta 2010-2013 aldirako (biak barne) ezarritako helburuak bete dituen ebaluatzeko sistemari dagokienez ere.
Hitzarmen honen jarraipenerako, bi batzorde izendatuko dira:
-
Jarraipen Batzordea, honela osatua: EAEko Herri Aginteen aldetik, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek izendatutako ordezkari bana eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ordezkaria; eta Euskaltzainditik, berriz, euskaltzainburua, idazkaria, diruzaina, Iker sailburua eta Jagon sailburua.
-
Batzorde Teknikoa, sei kidek osatua: herri-administrazio sinatzaileen ordezkari bana, Euskaltzaindiak eginiko lanen alde tekniko eta ekonomikoen berri dutenak. Beste biak, berriz, Euskaltzaindiaren gerentea eta idazkariordea izango dira.
Gaur Bilbon sinatu den hitzarmena, Euskaltzaindiak eta Eusko Jaurlaritzak eta hiru diputazioek adosten duten bosgarrena da. Jakina denez, 1918. urtean, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko lau diputazioen babespean sortu zen Euskaltzaindia eta, EAEko Autonomia Estatutuaren 6. artikuluak dioenez, Euskaltzaindia erakunde aholku-emaile ofiziala da, euskarari dagozkion gaietan.