Bihar, azaroaren 26an, Hiztegi Batuaren paperezko edizio berri bat aurkeztuko du Euskaltzaindiak, Bilboko egoitzan. Elkar argitaletxearekin koedizioan argitaratzen den liburu honek 36.016 sarrera eta 6.052 azpisarrera ditu. 2008ko abenduan kaleratu zen 2. argitaraldiko Hiztegi Batuak, aldiz, 27.786 sarrera eta 4.165 azpisarrera zituen, hau da, bi urtean %29,6 hazi da sarreratan eta %45,3 azpisarreratan. Horregatik erabaki da, hain zuzen, Hiztegi Batuaren 3. argitaraldi hau kaleratzea.
Hiztegi Batua bi alditan egiten ari da Euskaltzaindia. Lehen itzulia 2000. urtean amaitu zen. Bertan, forma erabilienak edota hedatuenak jaso ziren. Orotara, 22.736 hitz onartu ziren eta liburu bakarrean argitaratu. Lehen itzulia amaitu bezain laster, bigarrenari ekin zion Euskaltzaindiak. Hiztegi Batua sarean dago, guztion eskura, nork zer jakin nahi duen egoki erraztuta. Orain eskaintzen dena paperezkoa da, aurrekoaren laguntzaile eta osagarri.