Bihar, azaroaren 19an, Euskera agerkariaren zenbaki berria, Euskera 2009, 54, 3, aurkeztuko du Euskaltzaindiak. Aurkezpena "Gazteak, aisialdia eta euskara" gaia jorratuko duten Jagon Jardunaldien barruan egingo da, goizeko 11:45ean, Akademiaren egoitzan. Jakina denez, Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala da. Aldizkariaren hiru zenbaki argitaratzen dira urtero; horietatik bik -lehenak eta hirugarrenak- Akademiaren lanak eta bizitza akademikoa biltzen dituzte, eta bigarrenak, aldiz, ikerketa-lanak eta ekarpen teorikoak nahiz praktikoak jasotzen ditu. Lehenengo bi zenbakiak urriaren 18an aurkeztu ziren.
Euskaltzaindiaren batzar-agiri eta erabakiez gain, liburu honetan, besteak beste, ondoko gaiak jaso dira: Joan Mari Torrealdai euskaltzain osoaren sarrera-ekitaldia; Euskaltzaindiaren 90. urteurrena dela-eta, 2009an Bilbon eta Donostian egin ziren ekitaldiak; Nafarroa Oinez ospakizunaren haritik, Etxarri Aranatzen egin zen ageriko bilkura; edota Antonio Zavala, Santiago Ezkerra, Juri Zytsar, Roger Idiart, Mikel Atxaga eta Juan Jose Zearreta euskaltzainen omenez irakurri ziren hilberri-txostenak.
Bestalde, Euskaltzaindiaren XIV. Jardunaldien aktak publikatzen dira zenbaki honetan. Jardunaldi hauek "Etorkinak eta euskara" izenburupean burutu ziren iaz.