Gaur, urriaren 25ean, Erandioko toponimiaren inguruko webgunea aurkeztu da herriko Udaletxean. Webgune hau, 2005etik 2008ra bitartean egin zen ikerketa-lanaren ondorioa da; bertan, ikerketaren emaitzak batu eta herritarren esku ipini ditu Udalak. Webgunearekin batera, unitate didaktikoak ere aurkeztu dira.
Hauek egin dute aurkezpena: Joseba Goikouria Erandioko alkateak, Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Sustatzeko zuzendari nagusiak, Xabier Kintana Euskaltzaindiaren idazkariak eta Aitziber Oliban Erandioko Euskara zinegotziak.
Esan bezala, gaur aurkeztu diren webgunea eta unitate didaktikoak 2005-2008 urteetan egindako ikerketa-lanaren emaitzak dira. 2005ean, Erandioko Udalak herriko toponimoak bildu, arautu eta finkatzeko beka-deialdia egin zuen, Iratxe Lasak eskuratu zuelarik. Euskaltzaindiarekin hitzarmena sinatu ondoren, Akademiaren zuzendaritzapean -Patxi Galé izan zen lanaren gainbegiratzailea- aritu zen Lasa. Guztira, gutxi gorabehera, Erandioko 1.800 lekuren izenak jaso ziren.
Aurtengo urtarrilean, Erandioko leku-izenak izeneko liburua aurkeztu zen.