Hori dela-eta, aldizkari zientifikoek azken aldian daramaten homologazio prozesu orokorraren baitan, Euskera-rekin ere ahalegin berezi bat egin du Akademiak: CSIC (Consejo Superior de Investigaciones Científicas) erakundeak ezarri dituen kalitate ereduen arabera ebaluatu ahal izateko, beharrezkoak diren Latindex irizpideak bete dira, eta izen bereko Katalogoan sartu da.
Horrela azaldu dute gaur, Akademiaren egoitzan egin den prentsaurrekoan, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Ana Toledo euskaltzain osoak eta Itziar Idiazabal euskaltzain urgazleak. Gainera, Euskera agerkariaren etapa berriaren hiru zenbaki aurkeztu dituzte: Euskera 2009, 54, 1, Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa biltzen duena; eta Euskera 2009, 54, 2-1 eta Euskera 2009, 54, 2-2. Izan ere, ikerketa-lanak jasotzen dituen bigarren zenbaki honek bi zati ditu, eta bi liburukitan argitaratu dira. Lehenengoaren gai nagusia Ikasteredu elebidunak eta euskararen azterketan (iker)molde berriak da -Itziar Idiazabalek eta Andoni Barreñak koordinatua- eta bigarrenak, Ana Toledok koordinatu duena, Gerra Zibila eta euskal literatura gaia jorratzen du.
Esan bezala, Euskera agerkaria Latindex izeneko katalogoan integratu da. Latindex kultura hispanikoaren eremuan (Hegoamerika, Karibe inguruan eta Iberiar penintsula) argitaratzen diren aldizkari zientifikoei buruzko informazioa jaso eta zabaltzen du.
Bestalde, helburu horri atxikiz, Idazketa Batzordea eta Aholku Batzordea eratu dira eta artikulu zientifikoei, propio behar duten egitura eta tratamendua eman zaie. Ahalegin horretan laguntzeko, kanpo adituen ebaluazioak ere, sistematikoki erabiliko dira.
Hiru zenbaki urtero
Hala bada, Euskera agerkariaren hiru zenbaki argitaratzen dira urtero. Horietatik bik -lehenak eta hirugarrenak- Akademiaren jarduerak eta bizitza akademikoa -hizkuntza-arauak eta xedapenak- jasoko dituzte. Bigarrenak, aldiz, ikerketa-lanak eta ekarpen teorikoak nahiz praktikoak jasoko ditu. Bigarren zenbaki honen artikulu guztietan sarrera- eta onartze-datak zehaztuko dira, bai eta laburpena argitaratuko ere, lau hizkuntzatan: euskaraz gain, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Egileak euskaltzainak edota arloan arloko adituak izango dira.
Gaur hiru liburuki aurkezten dira:
-
2009, 54, 1. Lehengo zenbakia izanik, Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa biltzen du. Hauek dira gai nagusiak: Joseba Lakarraren sarrera-hitzaldia, Euskaltzaindiaren 90. urteurrena ospatzeko Arabako Foru Aldundian eta Hazparnen (Lapurdi) egin ziren ekitaldiak, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak antolatua, Durangon egin zen "Toponimia gizarteratzea: aukerak eta egindako lana" izeneko ikastaroa eta Uztapide bertsolariaren omenez Zestoan egin zen mahai-ingurua. Ikerketa bi, batzar-agiriak eta Euskaltzaindiak sinatutako hitzarmenei buruzko informazioa ere jaso da.
-
2009, 54, 2-1 eta 2009, 54, 2-2. Izan ere, ikerketa-lanak jasotzen dituen bigarren zenbaki honek bi zati ditu, eta bi liburukitan argitaratzen dira. Lehenengoaren gai nagusia Ikasteredu elebidunak eta euskararen azterketan (iker)molde berriak da, bigarren zatiarena ostera Gerra Zibila eta euskal literatura.
Ikasteredu elebidunak eta euskararen azterketan (iker)molde berriak lanaren arduradunak Itziar Idiazabal eta Andoni Barreña izan dira. Haiek adierazi bezala, liburu honen helburua euskarari buruz eta haren ikas/irakas prozesuaren inguruan egiten den ikerkuntza jasotzea da, euskararen irakaskuntzan aurrerapauso kualitatiboa eragiteko.
Gerra zibila eta euskal literatura lana, aldiz, Ana Toledok koordinatu du. Espainiako Gerra Zibila (1936-1939) amaitu zela 70 urte betetzen zirela eta, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeak jardunaldiak antolatu zituen EHUko 2009ko Uda Ikastaroen barnean, gertakari hark euskal literaturan izan duen oihartzuna aztertzeko asmoarekin. Han aurkeztu ziren hitzaldiak biltzen dira hemen.