Urriaren 9an eta 10ean, gozoro egin da aurten ere Deiadarra taldeak, Euskaltzaindia eta Urepeleko Herriko Etxearen laguntasunez, antolatzen duen Xalbador Eguna, Fernando Aire Xalbador bertsolari haundia zenarekin batera Imanol Sein Xanpun (1928-2002) bertsolari lapurtarra goralduz.
Aurtengo festa, urtero bezalaxe, larunbat arratsean hasi zen, herriko pilotalekuan (ezker paretan), Bergarako Idazle Eskolako gazteek antolatu zuten ilunabar literarioa, Xendarineko ahizpen bertsu zahar eta Gasteizko Zabaleta anaien trikitixaz nahasketa ederra eginez. Ehun eta hogei bat lagun bildu ziren festa giroan, lagun arteko afari eta festan, eta apenas inor jo zuen logureak, ordu txikiek aurrera egin zuten arte.
Hala ere, igande goizeko 9:30etarako herriko plaza auto eta ibiltariz bete zen, Xalbadorren artzain-etxola eta inguruetara mendi-ibilaldia egiteko prest, nahiz eta eguna negarti eta euritsu agertu zen udazkeneko egunsenti ospelean.
Azpimarragarria da bestalde, herriko apaizak eta Emile Larre euskaltzainak eman zuten mezaren ostean Xalbadorren hilobira egindako bisitaldia. Hantxe bildu ginen herritar eta Xalbador-Xanpunen maitale/miresle asko, Xanpunen alarguna eta seme-alabak, herriko auzapeza, Laka bertsolaria eta abar; eta Lourdes Ijurjok (Aranalde zenaren koinata) egin zuen lore eskaintza bertsolariaren hilobian, urtero bezala. Aitagure bat esan, Lakaren hiru bertso entzun, eta Agur jaunak kantatuz agurtu genuen hangoa.
Eguerdian, herri kirolak izan ziren plazan, Donazaharre (Nafarroa Beherea) eta Mutrikuko (Gipuzkoa) taldeekin. Sokatira, fardo altxatzea, trontzalariak, txinga proba, lokotx biltzea eta abar, Joxe Mari Egaña zuzendari zela. Eta jarraian, pilotalekuan, Osintxuko Musikara taldearen dantzaldia ikusteko aukera izan zuen jendeak, taldearen lana gogotik txalotuz. Euskal dantzak eman zituzten, bai, baina ez ordea modu tradizionalean: Benito Lertxundiren zenbait kantu ezagun eta musika bereziz landutako koreografiak eraman zituzten osintxuarrek Urepeleko euskal festara.
13:30ean hasi zen lagun arteko bazkaria, pilotalekuan. Eta tarteetan, Jean L. Lakak eta Xendarineko ahizpek kantatu zituzten Xalbador eta Xanpunen bertsoak, bazkaldarren gozamenerako. Halaber, Xalbador eta Xanpunen goramenez egindako bideo- argazki bilduma ere gogoz onartu zuten bazkaldarrek.
Uxue Alberdi, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe II eta Sebastian Lizasoren bertso saioak eguneko ospakizunaren ardatzari zegokion maila ongi eman zuen; eta ordubete eta laurdeneko saio batean nekez esan daiteke esan zuten baino askoz gehiago, erritmo bizi-biziko saioa egin baitzuten, izan ere.
Azkenik, bostetan bertso saioa amaitu zenean, berehala erromeria hasi zen, Ander eta Imanol Zabaleta anaiekin, herriko pilotalekuan bertan, kanpoan euria zela-eta.
Eguraldiak ez du asko lagundu aurten. Baina ahogozo ezin hobea utzi du asteburuak Xalbadorzaleen artean. Horrexegatik, eskerrak eman nahi dizkie Deiadarra taldeak, behin eta berriz, Euskaltzaindiari, Urepeleko Herriko Etxeari, Bethart familiari eta antolakizunak egiteko laguntasun berezia ematen duten lagun eta komunikabide guztiei.
Hurrengo urtean (2011) Xalbadorren heriotzaren 35. urteurrena izango baita, berriro ere lanean hasteko animatuta gelditu da Deiadarra taldea.