Liburu hau euskal olerki-antologia da eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez eginda dago, hots, olerki guztiak jatorrizko hizkuntzan ez ezik, aipatu beste hiru hizkuntzetan ere ematen dira. Hori dela-eta, liburuaren bestelako izenburuak: Voz, palabras, lenguas. Voix, mots, langues. Voice, words, languages. Pablo González de Langarica eta Sebastian Gartzia Trujillo dira lan honen paratzaileak.
Bestalde, aurkezpen honen ostean, Euskaltzaindiak Gabriel Aresti zena (Bilbo, 1933-1975) omenduko du. Aresti poeta handia euskaltzain urgazle ere izan zen, eta euskara batuaren bultzatzaile handienetarikoa izan zen.
Paratzaileek hala erabakita, hamar idazleren olerkiak biltzen dira Ahotsa, hitzak, hizkuntzak liburuan: batetik, euskaraz idazten duten bost egilerenak -Juan Mari Lekuona, Bitoriano Gandiaga, Gabriel Aresti, Xabier Lete eta Bernardo Atxaga-, eta bestetik, gaztelaniaz idazten duten beste bost poetenak: Angela Figuera, Blas de Otero, Javier de Bengoechea, Jorge González Aranguren eta Blanca Sarasua.
Olerkariak aukeratu ondoren, bakoitzaren poemak hautatzeko González de Langaricak eta Gartzia Trujillok beste espezialistengana jo dute: "Espezialista horiei egokitu zaie olerkiak hautatzea ez ezik, hautu horren arrazoiak ere azaltzea sarreratxo labur banatan". Aditu horiek honako hauek dira: Jon Kortazar, Pello Zabala, Kirmen Uribe, Amaia Iturbide eta Iñaki Aldekoa, batetik, eta Jose Ramón Zabala, Juan José Lanz, José Fernández de la Sota, Felipe Juaristi eta Seve Calleja, bestetik.
Itzulpen-lanak hauek egin dituzte: Luigi Anselmi, Felipe Juaristi, Jose Ramon Zabala eta Amaia Iturbide, euskal izulpenetarako. Euskaratik frantsesera Hélène Laurent eta Itxaro Borda arduratu dira. Eta ingeleserako itzulpenak Eli Tolaretxipik eta Amaia Garbantxok egin dituzte.
Aurkezpenean Bernardo Atxagak eta Blanca Sarasuak poema batzuk irakurriko dituzte.
"Ahotsa, hitzak, hizkuntzak" liburuaren aurkibidea 31,71 Kb