Irailaren 29an, Azkoitian, Pedro Irizar ohorezko euskaltzain eta euskarologo zena omendu zuten Euskaltzaindiak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak (EAE), Udalarekin batera. Azkoitiko Euskal Jaien mendeurrena ospatzen ari dira irailean eta urrian zehar, eta "Azkoitian Euskal Jaien Mendeurrena (1910-2010)" izeneko egitaraua prestatu dute. Pedro Irizarren jaiotzaren mendeurrena ere aurten bete da eta, esan bezala, asteazkenean omendu zuten. Ekitaldia Intsausti Jauregian egin zen eta bertan hauek izan ziren: Andres Urrutia euskaltzainburua, Jose Mari Urkia EAEko Gipuzkoako presidentea, Asier Aranbarri Azkoitiko alkatea eta Iñigo Irizar omenduaren semea.
Andres Urrutiaren hitzak 8,41 Kb
Ekitaldiaren amaieran, erakundeen izenean, Asier Aranbarrik "Lan Onari" domina eman zion Irizarren beste semeetako bati. Ondoren, Adolfo Arejita Euskaltzaindiko Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren zuzendari akademikoak eta Amaia Jauregizar egitasmo horren teknikariak "Pedro Irizar eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasa" hitzaldia eman zuten.
Pedro Irizarrek euskalki guztietako aditz laguntzailearen morfologia aztertu zuen, eta lan horren emaitza Euskaltzaindiak argitaratutako Morfología del verbo auxiliar vasco hamabost liburuz osatutako lanean jaso da.