Irailaren 24an, Atarrabian, aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen duen Paz de Ziganda ikastolan izan zen Euskaltzaindia, eta bertan hainbat ekitaldi burutu. Ekitaldi hauen artean, Ikastola mugimendua. Dabilen herria izeneko liburuaren aurkezpena azpimarra daiteke. Liburu hau Euskaltzaindiaren Jagon bildumaren 10. zenbakia da. Aurkezpena honako hauek egin zuten: Andres Urrutia euskaltzainburuak, Koldo Tellitu Ikastolen Elkartearen presidenteak, Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Jagon sailburu eta Nafarroako ordezkariak, Iñaki Erroz Paz de Ziganda ikastolako zuzendariak eta Mikel Asiain ikastolako presidenteak.
Bestalde, arratsaldean, Akademiak eta ikastolak antolatu zuten ageriko ekitaldian, liburuaz mintzatu zen J. Iñaki Etxezarreta Ikastola Elkartearen aholkularia.
Ikastola mugimendua. Dabilen herria liburuan ikastolen izaera kolektiboa kontatu nahi da, ikastolen eta gizartearen arteko elkarrekintzarekin batera. Lan honek ikastolen historia sozialarekin zerikusia duten datuak, gertaerak, lekukotzak eta aburu kontrajarriak biltzen ditu, besteak beste.
Bai euskaltzainburuak, bai eta Jagon sailburuak ere, Akademiaren eta Ikastolen Elkartearen arteko lankidetzaz hitz egin zuten. Hala, Euskaltzaindiaren asmoa "zuekin batera jarraitzea da, euskararen babesean eta euskararen mesedetan" esan zuen Urrutiak eta Iñigok bi erakundeok 2004an sinatu zuten hitzarmena aipatu zuen "Hitzarmen horren markoan, ale berri batekin gatoz oraingoan, Jagon bildumaren 10. liburukia egiten duen Ikastola mugimendua. Dabilen herria lanarekin. Bertan ikastolek euskal gizartean azkeneko belaunaldietan izan duten ibilbidearen eta eraginaren berri emateaz gainera, egungo proiektuan oinarritzen den egitasmoa ere azaltzen zaigu". Andres Iñigoren esanetan, "lan interesgarria dugu esku artean, euskararen sustatze- eta babeste-zereginetan urte luzez haur eta gazteen heziketan ardatz izan den ikastolaren nondik norakoak azaltzen dizkiguna".
Ikastola mugimenduak 50 urte bete ditu. Horrela gogorarazi zuen Koldo Tellitu Elkartearen presidenteak: "Euskal hezkuntzaren lehen eskola-ekintza antolatuak 50 urteko ibilbidea egin du. XX. mendearen lehen erdiko ahaleginen ostean, Azkuek, Muñoak, Euzko Ikastola Batzak eta Elbira Zipitriak eragindako saioen ondotik, gaur egun eta euskal lurralde guztietan ezagutzen den ikastola mugimendua abian jarri zen 1960an".
Hortik abiatuta, liburu honen abiapuntua azaldu zuen Tellituk: "Oso ugariak ez izan arren, ikastola mugimenduaren hasierako urte horiei buruzko azter lanak egin dira. Ikastolen izaerari buruzko zenbait aspekturi buruz ere ikertu eta idatzitako lanak badira. Baina, ikastolen historia sozialari buruzko ekarpena falta zen. Hartara, Ikastolen Elkarteak ekin zion hutsune hori betetzeari, eta horrelako lana egin zezakeen enpresa bati enkargua egin zion 2009an". Enpresa hori Ereiten da eta eskerrak eman dizkio presidenteak: "Ezin baino hobeto bete du enkargua".
Azaldu zuenaren arabera, bi arrazoi izan ziren nagusi, enpresa bati enkargua emateko orduan: "Ikastola mugimendutik kanpo zegoen ikertzaile nahi zituen batetik, ikuspegi orekatu eta zorrotza izan zezan, eta komunitate zientifikora zuzendutako argitalpena egin ordez herritarrei bideratutakoa eskatu zion Ikastolen Elkarteak". Horiek horrela, bizirik zeuden lekukotzak, pertsonak eta eragileak elkarrizketatu, iturri idatzietan oinarritu eta, bereziki, ordura arte ezaguna zen bibliografia biltzea izan dira jarduera nagusiak.
Baina, gaineratu zuen, bada besterik ere. "Ikastola bakoitza eta ikastolak, hau da, ikastola mugimendua, berrikuntza sozialaren eredu da. Aurretik diseinurik gabe jardutea, ezerezetik abiaturik alegia; ingurune hurbileko gizarte-sarearekin batera eta baliabide eskasekin, autogestioaz; eta zerbait berria egiteko gogoak ematen duen indarrarekin aritzea izan zen ikastola mugimenduaren hastapeneko urratsen ezaugarri nagusia."
Amaitzeko, "Ikastolak adibide dira gizarte-berrikuntzan, adibide paradigmatikoa", esan zuen. Hona eman zituen bost arrazoiak:
- Gizartean eta herritar jendearen artetik sortu direlako,
- Hezkuntzan, eskola-bizitzan eta gizartean ordura arte ez zegoen esanahi berri asmatua eransten diotelako euskarari,
- Egitura politikoak eta sozialak betetzen ez zituen gizarte-eskaera baten erantzun herritarra direlako,
-
Hezkuntza-jardueran, gizarte-ekintzaren zioak, egitasmoak eta balioak planteatzen eta gautzatzen dituztelako,
-
Eta, bereziki, guztiz berritzailea den heinean, publiko eta pribatuaren arteko bereizketaren aurrean hirugarren formula osatzen dutelako.
Bestetik, arratsaldean egin zen ageriko ekitaldian, J. Iñaki Etxezarreta Ikastolen Elkartearen aholkulariak esandakoa irakur daiteke jarraian.
J. Iñaki Etxezarretaren hitzak 48,83 Kb
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.