Datorren ostiralean, irailaren 24an, Ikastola mugimendua. Dabilen herria liburua aurkeztuko dute Ikastolen Elkarteak eta Euskaltzaindiak. Liburu hau Euskaltzaindiaren Jagon bildumaren 10. zenbakia da eta Euskaltzaindiaren eta Ikastolen Elkartearen arteko lankidetzaren emaitza berria da. Bertan ikastolen izaera kolektiboa kontatu nahi da, ikastolen eta gizartearen arteko elkarrekintzarekin batera. Ikastolen historia sozialaren saioa da.
Hortaz, lan honek ikastolen historia sozialarekin zerikusia duten datuak, gertaerak, lekukotzak eta aburu kontrajarriak biltzen ditu, bestak beste. Bai ikastola oso azaletik ezagutzen duen irakurleak, baita adituak ere, ikastola mugimenduaren ikuspegi osoa aurkituko dute, eta orain arte jakinak ziren datu askorekin batera, behin ere jaso gabe zeuden gertaera, adierazpen, lekukotza zuzen eta ikuspegi desberdinen berri izango du.
Ikastola mugimenduak 50 urte bete ditu. Alegia, XX. mendearen lehen erdiko ahaleginen ostean, Azkuek, Muñoak, Euzko Ikastola Batzak, Elbira Zipitriak, Julita Berrojalbizek eta bestek eragindako saioen ondotik, gaur egun eta euskal lurralde guztietan ezagutzen den ikastola mugimendua 1960an abian jarri zen.
"Ikastola mugimendua. Dabilen herria" liburuaren aurkibidea 65,46 Kb