El Diario Vasco egunkariak eta Euskaltzaindiak urte bateko iraupena duen lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen horren ondorioz, besteren artean, El Diario Vasco egunkariak 2000. urtetik hona ekoiztu duen euskarazko testu-masa osoa Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko du, Akademiak Lexikoaren Behatokia deritzan egitasmoa garatu dezan.
Hitzarmenak bi erakundeen arteko elkarlana sustatzea du helburu, bereziki euskararen normalizazioari buruzko proiektuak gauzatzeko eta Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarritako arauak zabaltzeko eta komunikabideen bidez egoki plazaratzeko.
|
Hauek dira hitzarmenaren ildo nagusiak:
-
El Diario Vasco egunkariak eta Euskaltzaindiak elkarri bere ikerketa-ondareak erabiltzeko aukera emango diote eta, bereziki, euren artxibategi eta bibliotekak erabiltzeko aukera.
-
Euskaltzaindiak erantzuna emango die El Diario Vascok egindako kontsultei, kontsultok euskal lexikoari, gramatikari, onomastikari -batez ere toponimia alorrean- ortografiari eta, oro har, euskararen araugintzaren beste zenbait gairi buruzkoak direnean.
- Argitalpenen arloan, elkarlana bultzatuko da, eta baterako argitalpenak sustatuko dira.
-
El Diario Vasco egunkariak 2000. urtetik hona ekoiztu dituen euskarazko testuak Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko ditu, Akademiak Lexikoaren Behatokia deritzan egitasmoa garatu dezan. Egitasmo hori UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa taldearekin garatzen ari da Akademia.