APORLÒC "Associacion prefigurativa de l'organisma de regulacion de la lenga d'Òc" izeneko elkarteak Euskaltzaindia bisitatu du uztailaren 9an. Elkarte hori Okzitanieraren Akademia sortzeko asmotan dabil, eta Euskaltzaindiaren berri eduki nahi izan du. Euskaltzaindiko hauek bildu dira elkarte horrekin: Andres Urrutia euskaltzainburua, Xabier Kintana idazkaria, Jose Luis Lizundia diruzaina, Xarles Videgain Baionako bulegoaren arduraduna eta Pello Telleria idazkariordea.
APORLÒC elkarteko hauek izan dira bileran: Jèp de Montoya e Parra (APORLÒC-eko eta Institut d'estudis Aranense-ko burua), Benaset Dazeàs eta Laura Abadia (APORLÒC elkarteko kideak), Sèrgi Javaloyès (Pau-eko "Institut occitan"eko zuzendaria) eta Gilbert Mercadier ("Centre de ressources occitanes et méridionales"eko kidea).
Elkarte horrek urtebeteko epea eman dio bere buruari esku artean duen asmoa gauzatzeko, eta antzeko egoeran dauden hizkuntzetako Akademiek egin duten bidea ezagutzea da helburuetako bat. Bilera horretan, Euskaltzaindiaren historia, antolamendu eta lanari buruzko dokumentazio ugari eman zaio APORLÒC elkarteari. Erakundetzea dela eta, biziki interesaturik agertu dira Euskaltzaindiaren izaeraz, antolamendu politiko ezberdinetan bizi diren pertsonei hizkuntza-zerbitzuak ematen dizkielako, kasuan kasuko administrazioekin hitzarmenak eginez.